Joxe Iturberen Txino, Oñatiko lehen txapelduna

1955. urteko irailaren 25ean antolatu zuten Oñatiko Gastiasoroko zelaian Primer Concurso Vasco-Navarro de Perros de Pastor txapelketa. Arrasateko Bedoña auzoko Jose Iturbek lortu zuen lehen txapela Txino txakurrarekin.

Ondo gogoratzen du txapelketa hura, parte hartzeko soldadutzan baimena eskatu behar izan zuen-eta: "Donostian nengoen soldadu eta aitak deitu zidan esanez Oñatin txapelketa egitekoak zirela eta etxeko txakurra gertu zegoela parte hartzeko. Kuartelean baimena eskatu eta, lehiaketari buruz ezer gutxi jakinda, Gastiasorora joan nintzen" (goiena.eus)

Bigarren Bizente Urzelai oñatiarra izan zen eta bigarren postu hori errepikatu zuen lehenengo 3 txapelketetan.  

Orduko La Voz de Españaren kronikak jaso zuenez, 5000 lagun inguru bildu ziren lehiaketa ikusteko: 250 inguru auto eta motor eta bizikleta ugari. Gustatuko zaizu alboan duzun kronika. Irakurtzeko onena duzu argazkia jaitsi eta handitzea.